Kaixo denoi,

Urtea amaitzen ari den honetan, Emunetik  kolektibo guztiarentzako martxoan egin genituen sentsibilizazio ekintzak azaldu nahi ditugu blog honetan, era xumean praktika ona izan daitezkeela uste baitugu.

  • Martxoaren 8an, mugimendu feministak deitutako greba deialdiarekin bat eginez, geldialdiak egin genituen eta kalera irten ginen. Asanbladan, greba deialdiari buruz hausnartu genuen eta libreki bozkatu genuen.
  • Soldatatik emakume guztioi “atxikitako” diru kopurua, Emakumeen Mundu Martxara bideratzea erabaki genuen.
  • Grebaren aurreko egunetan, bulego ezberdinetan (Arrasate, Andoain, Berriozar) “erasoak sutara” ekimena antolatu genuen. Emakumeoi gustatzen ez zaizkigun eraso edo jazarpenak post-it banatan idazten joan ginen eta guztiak pareta moreetan itsatsiz bistaratu genituen. Martxoaren 8an eraso horiek guztiak erre genituen, ekimen sinboliko bat burutuz. Kartelak egin genituen ekimenaren berri eman eta kafe makina ondoan jartzeko eta argazki ezberdinekin Erasoak sutara” ekimenaren  bideo montaje xume bat egin genuen.  ERASOAK_SUTARA_Emun

 

  • Hurrengo hamabostaldian kolektibo osoarekin 2 orduko formazio saioa antolatu genuen, bi txandatan banatuta (saio bat Andoianen eta beste bat Arrasaten). Feminismoaz eta berdintasunaz maila orokorrean jardun ondoren, Emunetik gure zerbitzua ematerakoan (hizkuntza zerbitzuak, parte hartzea, aniztasuna…) genero ikuspegia txertatzeko aholkuak eta praktika onak konpartitzen jardun genuen. Saio hau Emuneko berdintasun arloko teknikariok dinamizatu genuen.
  • Egun batzuk beranduago, Amelia Barquin Mondragon Unibertsitateko irakaslearen laguntzarekin, Hizkera ez sexista formazio saioa egin genuen. Hemen ere kolektibo osoak hartu zuen parte, guztiok batera elkartu ginen eta ia 3 orduz hizkuntzen erabilera inklusiboagoaz ikasten egon ginen.

Emunen neurtu egiten dugu garapen planean antolatzen ditugun saioen gogobetetze maila. Martxo morean egindako saio hauen balorazioa, batez besteko puntuazioa baino altuagoa izan zen. Emuneko langile eta bazkideen % 66 emakumezkoa da eta guziontzat “txute” indartsua izan zen martxo morea.