Artez-en, gure nortasunarekin bat, emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko konpromiso sendoa dugu. Erakundean 2015ean jarri genuen abian Berdintasun Plana, eta ordutik hainbat izan dira emandako urratsak eta lortutako helburuak. Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde Kolaboratzailea ere bagara, Emakundek hala aitortuta.
Gure eguneroko jardunean txertatzen ditugu berdintasuna eta genero ikuspegia, bai erakunde barruko kudeaketan, baita gure bezero eta aliantzekin burutzen ditugun proiektuetan ere. Hori horrela, gure esparruan eragitea da helburu nagusia, lan munduan euskara sustatzearekin batera, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunezko kultura eta parekidetasuna bermatzeko pausuak eman eta baliabideak eskaintzea, hain zuzen.
Erakundeetan berdintasuna sustatzeko sentsibilizazio ikastaroa da martxan dugun proiektuetako bat. Berrikuntza eta baliabide digitalen ildotik, berdintasunean eragina duten gai ezberdinetan oinarritutako online ikastaroa: hizkuntza ez sexistaren erabilera, kontziliazioa eta lan mundua,…
Gai bakoitzaren edukia pilula formatuan aurkezten dugu, modu arin eta zehatzean. Baliabide ezberdinez osatutako pilulak dira: aurkezpen bideoa, gaiaren azalpena, adibideak, aholkuak, eta jarduera praktikoak, parte-hartzaileek hausnarketa egin eta ikasitakoa aplikatzeko.
Pilula hauek online formatuan eskaintzeko apustua egin dugu Artez-en, partaideei malgutasuna eta eskuragarritasuna eskaini ahal izateko; hau da, nahi duten lekutik eta nahi duten unean ikusteko aukera izan dezaten.
Proiektu honen bitartez pertsonek kontzientzia hartzea bultzatu nahi dugu, berdintasunarekiko sentsibilizazioa sustatuz.